Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute Harrotze Astean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 4a, 10:00

Kattalin Ezkerra, Maitane Maritorena eta Xabier Iriarte Harrotze Asterako prestatutako pegatinekin.

Euskaldunak harrotzeko eta karrikara ateratzeko deia egina zuen EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak, eta horretarako Harrotze Astea antolatu zuten apirilaren 22tik 28ra. Eskualdean ere hainbat dira euskararen aldeko aldarriak karrikara atera dituztenak. Ekimenean parte hartu duten Maitane Maritorenak, Xabier Iriartek eta Kattalin Ezkerrak beren esperientzia kontatu dute.

Harrotze Astea aurkezteko bileran sortu zen Harrotze Astean ekimenak egiten ari diren taldetxoa. Asmoa, ezabatze asteaz haratago, eskualdez eskualde bertzelako ekintzaren bat ere antolatzea zen. Bileran hainbat herritar elkartu ziren, eta koordinazio lantalde bat paratu zuten martxan.

Azken egunetan han eta hemen espainolez eta frantsesez dauden karteletan pegatinak paratzen aritu dira, kartelak euskaraz izan daitezen aldarrikatuz. «Horrenbertzekoa da dugun asimilazioa, normaltzat hartzen dugula anormala dena: ez genuke normaltzat hartu beharko hemen kartelgintza guzia espainolez izatea», azaldu du Maritorenak. «Ez zait iruditzen, desgraziaz, pegatina batek eragina eginen duenik euskararen aldeko kontzientziarako. Baina, horrek ez du erran nahi ez denik beharrezkoa», nabarmendu du.  Eta beren hitzetan horrekin «aski ez denez»,  hizkuntza paisaiaz haratago, fokua aisialdian paratu nahi izan dute: «Identifikatu ditugu eremu batzuk kirolarekin lotuta daudenak, eta espainolaren presentzia kozkorra dutenak», azaldu du Ezkerrak. Gazteendako kirola «eragin gune garrantzitsutzat» dute, eta horregatik erabaki dute aldarrikapen batzuk paratzea horien bueltan: «Talde funtzioa betetzen duten esparruak dira, eta aunitzetan euskara ez da bermatzen, giro erabat erdalduna da».

Beran paratu duten pankartetako bat. Irudia: TTIPI-TTAPA.

 

Horren harira hainbat pankarta paratu dituzte eskualdean, eta aldarrikapen zehatzak ere egiten dituzte, kirol taldeetan, futbolean konparaziora, entrenatzailea euskalduna izatea, adibidez: «Behar dugu kontzientzia piztu entrenatzaile euskaldun batekin, taldearen dinamika euskalduntzen dela, eta herri euskaldun bat izan nahi badugu izugarri inportantea dela dinamikak euskaraz egitea», azaldu du Ezkerrak.

«Sinetsi behar dugu gure eskubidea dela euskaldun izatea, eta euskaraz bizitzea»

Kattalin EZKERRA

Gehiago sakondu du Maritorenak: «Kirolean dago klabea. Baztanen konparaziora, futbola eta espainola eskutik doaz. Euskaraz funtzionatuta, ikaragarria da egiten ahalko lukeena», nabarmendu du. «Gaur egun ez zaigu burutik pasatzen A ereduan matrikulatzea seme alabak, baina arratsaldean  A eredura igortzen ditugu», gehitu du. Entrenatzaileek euskaraz mintzatzen jakitea «ezinbertzekotzat» jo dute: «Horrek euskaldunduko luke gibeletik heldu den gazteria aunitz. Baztanen futbolean ari diren mutiko gazte gehienak espainolez ari dira. Ikaragarria da», dio Maritorenak.  Kirolaz haratago, eta fokua batez ere gazteengan paratuta, sare sozialetan euskarazko erreferenteen falta dagoela uste du Iriartek: «Gazteok gero eta gehiago erabiltzen ditugu sare sozialak, eta modu nahiko basatian, eta hor erreferente euskaldunen presentzia nabarmentzea klabea da».

Harrotzeko «beharra»

Ekimenaren berri izan zutenean, ez zuten zalantzarik egin Harrotze Astean parte hartzeko. Nork beretik, baina, hizkuntzaren biziberritzearen inguruko kezka presente dute egunerokoan. Horregatik, «harrokeriarik gabe», baina «harrotzeko» garaia dela uste dute.

Maritorenak azaldu du: «Zapalkuntza eta asimilazioa horrenbertzekoa da, ez garela kontziente, eta normaltzat hartzen dugula. Harrotasunez erran beharko genuke: 'Ni euskalduna naiz, eta ez dut inolako konplexurik euskaraz egiteko parekoari baimenik edo barkamenik eskatu gabe, lotsarik sentitu gabe, eta gaizki sentitu gabe'».

«Ez genuke normaltzat hartu beharko hemen kartelgintza guzia espainolez izatea»

Maitane MARITORENA

Iritzi berekoa da Ezkerra ere: «Batzuetan uste dut atzentzen zaigula badugula euskaraz bizitzeko eskubidea eta hori bermatzen ez zaigunean ez gara apenas asaldatzen». Eskualdeak duen «arnasgune» izaera ere nabarmendu du: «Euskararen arnasgune zabala da gure eskualde osoa… Eta hala ere, zenbat erdara aditu behar dugun, zenbat negozio ikusten ditugun espainol hutsezko kartelekin… Euskaldun izaten segitu nahi badugu ezinbertzekoak dira arnasgune hauek», nabarmendu du.

Iriartek sare sozialetan eta euskarazko edukietan paratu du fokua: «Gure edukia ez da inoiz seriotzat hartu, eta aunitzetan aditu behar izan dugu erdaraz eginez gero arrakasta handiagoa izanen genukeela. Hori da aldarrikatu nahi dudana, euskaraz ere egiten dugula». Bukaerako puntua paratu dio Maritorenak: «Eta zuek ez baduzue egiten, ez du bertze inork eginen. Harrotzeko motibo gehiago!».

 

Borroka aktibatzeko beharra

Euskararen aldeko borrokaz ere mintzatu dira, horixe izan baita Harrotze Astearen helburuetako bat, euskararen aldeko aldarria karrikaratzea. «Apal eta gaizki ikusten dut«, halaxe mintzatu du Maritorena. «Lekarozko institutuan lan egiten dut, eta ikusten dut alimaleko abiadan badoala beheiti euskararen erabilera. Larritzeko afera da. Ez dut uste astakeriarik erraten ari naizenik erraten dudalarik ikasleen gutiengoa bizi dela euskaraz». Dena ez da beltza, ordea, eta aitzinera pauso batzuk ere eman direlakoan dago: «Bertze eremu batzuetan irabazi da: hizkuntza paisaian, administrazioan, kultur eskaintzan… aunitz aitzineratu da, dena ez da txarra, baina erabileran…».

Maritorenarekin ados dago Iriarte, eta euskararen biziraupenaren gakoa euskararen presentzia sare sozialetan «bermatzearekin» lotu du: «Bertan dago kontsumitzen dugun guztia: eta klabea da gazteak euskaraz bizitzera animatzeko. Eskolan euskaraz egitetik, euskaraz bizitzera eta euskaraz gozatzera pasatzeko». Ados dago Ezkerra, eta bertze kezka bat bota du: euskarazko elkarrizketetan erdarak hartzen duen pisua, «ez bakarrik hitzetan, esaldietan eta egituretan ere bai».

«Sare sozialetan dago kontsumitzen dugun guztia: eta klabea da gazteak euskaraz bizitzera animatzeko»

Xabier IRIARTE

Bide beretik, Iriarteren ustez, hagitz nabaria da, batez ere sortzaileen artean, jendeak bere sentimenduak gazteleraz transmititzen dituela: «Sentsazioa dut euskara formaltzat jotzen dugula, eta eremu informalean, umore zakarragoan, erdara jotzen dela».  Euskaran gazte hizkera falta den «susmo faltsuarekin» lotu du hori Maritorenak: «Euskarak gazte hizkerarik ez duela erraten dute, baina hori ez da arrazoia hizkuntza uzteko. Gehiago da justifikazioa».

Euskararen aldeko «diskurtso falta» nabaritzen du Maritorenak: «Hainbertze aldiz erraten da, sinetsi dugula euskara jakitea eskatzea inposizioa dela eta euskalduna izatea pribilegioa dela, eta guk diskurtso horiei buelta ematen ibili behar dugu guk gurea sortu beharrean». Bide beretik borobildu du solasaldia Ezkerrak: «Sinetsi behar dugu gure eskubidea dela euskaldun izatea, eta euskaraz bizitzea. Galdetu behar diogu gure buruari zer izan nahi dugun: euskaldun edo Hegoaldean espainol».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun