Udaberriko artisau eta azienda feria ortziralean eginen dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 8a, 09:00

Feria eguna izanen dute ortziralean Donezteben. Bertako artisauak postua paratuko dute, eta aziendak ikusteko aukera ere izanen da. Hala ere eguneko protagonista nagusiak ahariak izanen dira, Doneztebeko XV. Ahari Lehiaketa eginen baitute.

Malerrekako abeltzainek parte hartzen ahalko dute lehiaketan eta artzain bakoitzak nahi adina ahari aurkezten ahalko ditu. Lehiaketarako ahariak 11:00etarako egon beharko dira Merkatuko plazan, garbitasun egoera onean eta txartelarekin. S

Sei sari emanen dituzte, hiru ahari mutur gorriendako eta bertze hiru mutur beltzendako. Lehenengo saria 120 eurokoa izanen da, bigarrena 70 eurokoa eta hirugarrena 50 eurokoa.  Sari banaketa 13:00etan eginen dute Merkatu plazan berean.

Ahariez gain, artisauak ere izanen dira 10:00etatik 14:00etara, eta kosmetika naturala, eztia, telazko arropa, panpinak eta poltsak, taloak, erroskilak, grabatuak eta 3Dko inpresorarekin egindako objetuak erosteko aukera izanen da.

Udaberriko feria aprobetxatuz, udalak bestetako kartel lehiaketan parte hartu duten kartelen erakusketa paratuko dute Herrigunean. Kartelak asteburu osoan egonen dira ikusgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun