Yamiled Giraldo gogoan erakusketa ireki dute Iturengo herriko etxeko ganbaran

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 25a, 08:00
Joan den larunbatean inauguratu zuten Ivan Benitezen 'Nieva ceniza' erakusketa Iturengo herriko etxeko ganbaran.

Ivan Benitezen 'Nieva ceniza' argazki erakusketaren inaugurazioan duela hamabortz urte erahildako herriko emakumea omendu zuten

Iturengo herriko etxeko ganbaran Ivan Benitez kazetariaren liburuan oinarritua dagoen erakusketa ikusgai da. Nieva Ceniza, cronicas del olvido izenak dioen bezala, Bizkaiko kazetari honen 25 urteko bidaien inguruko argazkiak daude. Hainbat herrialdetan ibili da (Guatemala, Sahara, Sudan, Siria, Kolonbia…) eta lehen pertsonan bizituriko egoerak islatzen dituzten argazkiak agertzen dira.

 

Yamiled Giraldo gogoan

Apirilaren 20an, larunbatean egin zen erakusketaren irekiera, polita bezain hunkigarria izan zen. Duela 15 urte hil zuten Yamiled Giraldo herritarrari omenaldi bat egiten dio Benitezek erakusketa honetan, emakumearen kontrako tratu txarren egoera ere islatzen baita. Familiari gonbidapena egin zion eta gerturatu ziren. Kazetariak eta bere taldeak, Iturengo udalarekin batera, omenaldi xume bat eskaini zien, «ez baitugu ahazten Yami». Akitzeko, kazetariak bisita gidatu bat eskaini zuen, bideo batzuekin, amaiera luntx batekin emanez.

Maiatzaren 5a arte zabalik da erakusketa eta maiatzaren 3an bertze bisita gidatua emanen du Benitezek, 19:00etan hasita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun