Aresoko Udala herritarrek osatutako kudeaketa batzordearen esku gelditu da

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 2a, 16:00

Nafarroako Gobernuaren oniritzia jasota, kudeaketa batzordearen esku gelditu da Aresoko Udala. Apirilaren 30ean egin zuten batzarra eta bertan hartu zuten kargua udaleko kide berriek. Bea Muro izango da batzordeko lehendakaria eta berarekin batera ariko dira: Alaitz Olano, Aingeru Etxaide, Igaro Balda, Olatz Telleria eta Irantzu Alustiza.

Luze jo du Areson udal taldea berritzeko prozesuak, baina bi hauteskunde deialdi, hamaika bilera eta estutasun momentu batzuen ondotik, udalaren kudeaketaz arduratuko den taldeak hartu du erreleboa. 2023ko maiatzeko hauteskundeetan ez zen hautagairik aurkeztu, azaroan errepikatu zituzten hauteskundeak eta Aulki zuriak alderdiak hautagaitza aurkeztu bazuen ere, ez zuen gutxieneko babesa lortu. Herritarrei kudeaketa batzorde bat osatzeko bidea eman zien orduan Nafarroako Gobernuak. Sei laguneko taldea osatuta, urtarrilean aurkeztu zuten proposamena  Lurralde Kohesiorako departamentuan eta ia lau hilabeteren ondoren lortu du taldeak gobernuaren izendapena.

Apirilaren 30ean egindako batzarrean onartu zituzten karguak eta bakoitzaren lan esparruak maiatzaren 23an egingo duten batzarrean zehaztuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun