Euskal Herriko Bollo Topaketak eginen dituzte Leitzan apirilaren 26tik 28ra

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 24a, 09:00
Bollo topaketak antolatzen aritu den taldea.

Apirileko azken asteburuan, Euskal Herri osotik etorritako bollera eta genero disidenteen topalekua izanen da Leitza. Egunerokoan bizi dituzten galdera, kezka eta ilusioetatik abiatuta, gogoetarako bidea ireki eta elkarrekin hausnarrean arituko dira. Horretarako, egitarau anitza osatu dute eta festarako ere hartuko dute tartea.  Euskal Herri osoko 300-500 lagun inguru biltzea aurreikusi dute: «toki eta belaunaldi desberdinetako jendearengana heltzeko ahalegina egiten ari gara». Egitarau anitza osatu dute: «bertso saioa, tailerrak, hitzaldiak, karaokea, proiekzioak, performantzeak, arte sorkuntzak… izanen ditugu».

Apirilaren 26an, ostiralean, hasiko dituzte topaketak. 17:00etatik aurrera harrera eginen diete euskal herri osotik joanen diren bisitariei. 18:30ean ongi etorri ekitaldia izanen da eta 20:30ean afari autogestionatua eginen dute (norberak etxetik ekarritakoa). Eguna bukatzeko, bertso saioa izanen dute 22:00etatik 00:00etara.

Apirilaren 27an, larunbatean, 08:00etatik 09:30era gosaldu eta 10:00etatik 14:00ak arte hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 40 urte eta gero, Leitzan elkarrekin solasean solasaldia eginen dute, Kanariar borroka torneoa eta Identitarismotik harago: TERF mugimenduaren kontrako borroka maha-ingurua. 12:00etatik 14:00etara labe zentrala: subjektu bolleroa aztergai izanen duten mahai-inguruan. Segidan, EHGAMEN urrezko hirukia sari banaketa. 14:00etatik 16:00etara bazkaria. 16:00etatik 17:15era Zeharka: boterea eta sexualitatea antzerki tailerra eginen dute eta segidan bizikleta mekanikari buruzko tailerra. 16:00etatik 17:45era Etxebizitzak bizitza bizigarriagoen aldeko dokumental disidentea ikusteko aukera izanen dute edo nahiago dutenek, 16:00etatik 19:00etara Eta gure artean denean, zer? indarkerien inguruan hausnartzeko tailerrean parte hartzeko aukera izanen dute. Segidan, drag tailerra antolatu dute. 17:45etik 19:00etara gorputz adierazpenerako jam saioa eginen dute. Zahartzaro bolleroak: nola heldutu heterosexualitatetik kanpo? tailerra gero eta nire irudia zure haragian antzezlan performatiboa. 19:00etatik 21:00etara kaleko ekintza eginen dute. 21:00etatik 22:30era afaria eta afalondoan karaokea, proiekzioa eta DJak.

Apirilaren 28an, igandean, 09:00etatik 11:00etara gosaldu eta indarrak hartuta, topaketetako azkeneko egunari helduko diete. 11:00etatik 14:00etara sortzaile kolektiboen azoka eginen dute. 11:00etan hasi eta 13:00ak arte hainbat proposamen egin dituzte. Sare bolleroak familia nuklearrari erresistentzian tailerra eginen dute. Mahai ingurua ere izanen dute eta Palestina gai transfeminista gisa landuko dute. Bukaeran proiekzio laburrak eskainiko dituzte. 13:15etik 14:00etara Poperra, afterra, utopia emanaldiaz gozatzeko aukera izanen dute. 14:00etan sabela goxatzeko almuerzikoa egin eta 16:00eta bukaera emanen diete topaketei denen artean tokia txukun utziz.

Egitarau horretatik kanpo, hainbat espazio ere eraikiko dituzte eskolan eta asteburu osoan irekita egonen dira. Gela lasaia, kanariar borrokarako terreroa,pribilegioak partekatzeko txokoa… Haurren zaintzarako gela irekita egonen da asteburu osoan eta zaintza zerbitzua ere jarriko dute larunbateko tailer eta mahai ingurua egiten den tarteetan. (09:30etik 13:30era eta 15:45etik 19:15era). Gainera, Bollologia: Euskal Herriko bolleren genealogia bisual bat erakusketa ikusteko aukera ere izanen dute Leitzako Herri Aretoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun