Energia berriztagarrien aldeko apustua

Azken aldian, ezinegon handia sortu dute Irakurri eta Azkua proiektuek, eta ez da gutxiagorako

Proiektuak Zelena Renovable SLU-renak dira. Irakurri proiektua Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaienen kokatuko litzateke, eta Azkua, aldiz, Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantzan. Beraz, Malerreka eta Bortziriak makroproiektu eolikoek bete-betean harrapatu dituzte, eta horien berri, proiektuak nahiko aurreratuta daudenean enteratu gara herritarrak. Gauzak jendearen bizkar egiten direnean, interesaturiko alde asko dagoela garbi dago. Kanpotik etorri eta bertan agintzen dute, bertako biodibertsitatea, herritar eta herriaren lurrak… kontuan hartu gabe.

Nik badut ohitura nire hausnarketa egiteko, eta guztiz alde nago energia berriztagarrien erabilera «garbia» egiteko. Baina, proiektu hauek garbiak dira? Zer onura izan dezake guretzat? Pentsa dezakegu, lanpostuak sortuko dituztela, bertakoentzat lan egiteko aukerak sortuz. BA EZ! Pentsa dezakegu, parke eolikoak gure lurretan daudelako, energiaren prezioa murriztuko digutela. BA EZ! Orduan? Zertarako behar ditugu halako munstro erraldoiak gure mendi zoragarri hauetan? Bakar batzuk, beti bezala aberasteko?

Guztiz kezkagarria iruditzen zait egoera. Ongi pentsa dezagun eta bakoitzak bere erabakia hartu ondoren, elkartu eta aurrera!

Baina, aldi berean, hilabetero etxera iristen den faktura ikusirik, irtenbideren bat bilatu behar dugula garbi ikusten dut. Badaukagu beste energia mota, agorrezina dena, eta gehienek erabil dezakeguna; EGUZKIA. Gaur egun, ez da zaila etxeetako teilatuetan eguzki panelak ikustea, agorrezina den energiaz baliatzea egunerokotasuneko beharrak asetzeko. Baina, denek aukera berdinak al ditugu? Ba, ez jaun-andreak. Eguzki panelak jartzeko ere, lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak gaude.

Etxe berri bat egiten duen edonork herriko antzinako etxeak ditugunak baino pribilegio gehiago ditu esparru honetan. Etxe berri bat egiten duen edonork etxeko teilatuan eguzki indarra biltzen duten panelak jartzeko aukera duen bitartean, Vianako printzeak babesturiko etxeetan pentsaezina da halakorik jartzea. Oraindik ez dut zergatia ulertzen. Nire auzokoaren etxe berrian jar daitezke eta nire etxean ez? Zergatik? Arrazoiak bilaka estetika kontuak bakarrik datozkit burura, baina, nire etxean itsusi ematen duten bitartean, nire auzokoarenean ez?

Beti bezala, Vianako printzearen babesarekin topo egiten dugu, tamalez, etxe zahar hauek mantendu eta herriak bizirik mantendu nahi ditugun herritarrak frustratuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun