Ikusi mendizaleak, baso eta zelaiak...

Nafarroako Gobernuak turismoa bultzatzeko asmoz Mendi- ibiliak Nafarroan izeneko liburuxka ikusten ari naiz eta hauxe leitu dut bertan: «Aukerak mugagabeak dira hemen. Ekarri zurekin batera familia, bikotekidea, lagunak, edo nahi duzuna. Eta mugak jar ditzatela oinek». Liburuxka honekin batera, Wikiloc-a proposatzen du gure natura-gosea asetzeko.

Ez dakit ba... honela ikusita hagitz erraza dirudi, baina nire inguruan ez da horrela, egunerokoak erakusten digu mendizaleen eta baserritarren edo abeltzainen arteko elkarbizitza ez dela beti baketsua eta errespetuzkoa.

Alde batetik, mendizaleak uste du berak edonon barna ibiltzeko eskubidea duela. Mendia denona dela eta naturaz gozatzea denon esku dagoela. Ibilbidea aukeratu, GPSa piztu eta aukeratutako trackak agintzen dion bideari segi, beti aitzinera. Zer gertatzen da? Ibilaldi hori ez doala beti bide publikoetatik, batzuetan jabego pribatuetatik pasatzen dela, atakak edo balangoak zeharkatu behar direla, zerrakurarekin topo egiten dela, baserri atarietatik igaro behar dela, belai edo soro landuen gainetik pasa behar dela helmugara ailegatzeko.

Bertze aldetik, baserritarrak bere eremuak babestu nahi ditu. Bere aziendak, hainbertze kostata egin duen zerrakura barrenean eduki nahi ditu eta horretarako zenbait bide itxi behar baditu, ahalik eta hobekien eginen ditu. Bere ataria zaintzeko zakurrak paratuko ditu (batzuetan aratxea adinekoak) eta kamara ezkutuak ere erabiliko ditu. Ez dugu atzendu behar gure baserrietan lapurrak zenbat aldiz sartu ohi diren.

Ba, bi aldeen interesak txoke egiten dutenean gatazkak sortzen dira. Arrazoia ez da ehuneko ehunean batena edo bertzearena. Dena ez da libre, elkarrekiko errespetuz jokatzea ezinbertzekoa dugu baserritarren eta mendizaleen arteko elkarbizitza bermatzeko. Konponbideak pentsatu beharko ditugu naturan ekintzak bateratu eta orekatzeko. Landa eremuko turismoa eta nekazaritza eta abeltzaintza bateragarri egin beharko ditugu gure herri ttiki hauen biziraupenerako.

Gure eskualdea herri, txoko eta mendi zoragarriz betea dago eta pandemia garai honek erakutsi digu sare sozialei esker jendea zoko guztietara datorrela, honek dakartzan ondorio guziekin. Beraz, familietatik hasita, eskoletatik, udaletatik, goazen konponbideak aztertzera eta herritarrak heztera, etorkizunean elkarren artean ahalik eta hobekien molda gaitezen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun