Maiatzaren 18an eginen dute Berako Gazte Eguna

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 6a, 19:00

Maiatzaren 18an eginen dute aurtengo Gazte Eguna. Irudian, iazko edizioan parte hartu zutenetako batzuk.

Besta giroan murgilduko da herria hilaren 18an, larunbata. Egun horretarako antolatu du Barraskilo Gazte Taldeak Gazte Eguna, eta egun osoan zehar izanen da zer egin. Bazkariko txartelak erosteko azken eguna ortzirale honetan izanen da.

Eguna hasteko, 10:30ean txupinazoa botako dute. Ondotik, 11:00etan herri kirolen lehiaketa eginen dute gazteen artean, eta 12:00etan Elutxa txaranga ostatuz ostatu ibiliko da. Herri bazkaria 14:00etan izanen da. Txartelak salgai daude 15 euroren truke, Errekalden eta Purienean, eta maiatzaren 10era arte erosten ahalko dira.

Bazkaria bukatu ondotik, 17:00etan jolasak eginen dituzte, eta 19:00etan Elutxa txarangak karrikak girotuko ditu. Eguna borobiltzeko Sukena taldeak 21:00etan kontzertua emanen du eta, ondotik, DJ NLEZZek Gazte Egunari bukaera emanen dio.

Aurten ere parte-hartzaileek mahonezko galtzak eta kamiseta zuria jarri beharko dituzte. Txarangaren poteoa kenduta, gainerako ekitaldiak kiroldegi pareko estalpean eginen dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun