Arreta psikologiko-emozionala emateko zerbitzu faltarekin kezkatuak daude Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 6a, 15:00

«Bortzirietan arreta psikologikoa emanen duen zerbitzu duina jartzeko gestioak egiteko» eskatu diote Bortzirietako ikastetxeek, guraso elkarteek, udalek eta gizarte eta osasun ordezkariek Nafarroako Gobernuari, «gure eskualdean [Bortzirietan] eta ikastetxeetan dugun egoera larria» dela ohartarazita. Hezkuntza eta Osasun departamentuetan aurkeztu dute eskaera. 

Arantzako Eskola Publikoak eta Guraso Elkarteak, Arantzako Udalak, Berako Rikardo Baroja Eskola Publikoak eta Guraso Elkarteak, Toki Ona Institutuak eta Guraso Elkarteak, Labiaga Ikastolak, Jesusen Bihotza ikastetxeak, Berako Udalak, Etxalarko Landagain Eskola Publikoak eta Guraso Elkarteak, Etxalarko Udalak, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Igantziko Eskola Publikoak eta Guraso Elkarteak, Igantziko Udalak, Lesakako Irain Eskola Publikoak eta Guraso Elkarteak, Tantirumairu ikastolak, Lesakako Udalak eta Bortzirietako Osasun Etxeko Zuzendariak, Erizain buruak eta Administrari buruak sinatu dute idatzia, baina Bortzirietako ikastetxeetako zuzendaritza eta irakasle klaustroa dira «egoera larria azaldu» nahi izan dutenak. 

«Gure artean, geroz eta ugariagoak dira antsietate krisiak, depresioa, elikadura nahasmenduak, adikzioak, harremanetarako arazoak, jazarpen arazoak, familia arazoak, autoestimu falta...».

Oharrean oroitarazi dute «nerabeek ikastetxeetan ordu aunitz» pasatzen dituztela, eta «bertan gure gizartean gertatzen ari diren arazo aunitz azaleratzen eta detektatzen» dituztela: «Gure artean, geroz eta ugariagoak dira antsietate krisiak, depresioa, elikadura nahasmenduak, adikzioak (drogak, bideojokoak, mugikorra, apustuak…), harremanetarako arazoak, jazarpen arazoak, familia arazoak, autoestimu falta...». Gehiago ere bai: «Suizidioa kontuan hartzekoa» dela jakinarazi dute: «Nahiz eta momentuz gure inguruan ez den horrelakorik gertatu, nerabeen suizidio ahalegin kopurua areagotu egin da. Gure ikastetxeetan ere gero eta autolisi protokolo gehiago irekitzen ari dira». 

Horri «ikastetxeetan areagotzen ari diren arazo psikologikoak gehitu» behar zaizkiola diote idatzian: «Geroz eta arazo gehiago sumatzen ditugu, eta geroz eta denbora eta baliabide guttiago ditugu benetan eraginkorra den erantzuna emateko». Irakasleen artean «frustrazio handia» sortzen ari dela ere azpimarratu dute oharrean, «ikasleak sufritzen ikusten ditugulako, ez dakigulako nola lagundu eta ez garelako laguntzera ailegatzen. Ikastetxeetan orientatzaileak badaude, baina ez dute zertan psikologian formakuntzarik izan. Psikologoak izanda ere, ez dute ikastetxeetan terapiarik egiteko baimenik. Gainera, ez da inondik inora ditugun beharrak asetzeko adinako orientatzaile ordurik izaten». Egoera honetan, «itota» daudela onartu dute eta «arazoa denona» dela gaineratu dute: «Ardura denona da, erantzukizuna denona da». 

«Ikastetxeetan sortzen ari diren beharrei behingoz erantzutea» eskatu eta «ikasleei bertatik bertara arreta emanen dieten profesionalak izateko beharra» adierazi dute.

Hala, «ikastetxeetan sortzen ari diren beharrei behingoz erantzutea» eskatu dute eta «ikasleei bertatik bertara arreta emanen dieten profesionalak izateko beharra» adierazi dute: «Hautematen direnean honelako arazoei aurre ez egiteak ikasleei kalte handiak eragiten dizkie orain eta baita etorkizunean ere. Haurraren edo nerabearen adina zenbat eta ttikiagoa izan, orduan eta handiagoa izanen da kaltea eta bere iraupena». Arazoa larria dela gaineratu dute: «Gure haurrak eta nerabeak, gure altxorrik preziatuenak, arrisku psikologiko-emozional larrian daude». Eta aipatutako guzia kontuan hartuta, «Bortzirietan arreta psikologikoa emanen duen zerbitzu duina jartzeko gestioak egitea eskatzen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun