Inauteriak 2024

Ortzegun Gizenarekin hasi dituzte inauteriak Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 9a, 11:40

Berako haurrentzako inauterietako egunik inportanteenetako bat izaten da Ortzegun Gizena. Goizean, zingar arroltze eskean atera ziren herriko karriketan mozorrotuta. Arratsaldean, aldiz, hiru eskoletako haurrik ttikienak, gurasoekin eta irakasleekin batera nor bere mozorroa soinean atera ziren. Helduxeagoak, aldiz, dantzan aritu ziren inudez eta artzainez mozorrotuta.

Igandean izanen du segida Beran inauteriak. 10:00etan hasita Inudeen eta Artzainen konpartsa karrikaz karrika ariko da giroa alaitzen Eztegara frontoian hasita. Bazkariaren ondotik, aldiz, 18:00etan Eztegara pasealekuan elkartuko dira.

Astelehenean ere bestak segituko du Beran. Goizean zingar arroltze eskea izanen da baserritan, eta eguerditik aitzinera, aldiz, karrozak ibiliko dira karrikaz karrika. 18:00etan Bide Batez taldearen erromeria izanen da Toki Onako estalpean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun