Inauteriak 2024

Inauteriak hasi bertzerik ez dituzte egin narbartearrek

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 5a, 14:00

Aurten, ostaturik gabe gauden honetan, herriko gazteak inoiz baino lan handiagoa egiten ari dira ekitaldiak antolatzeko, eta inauteriak ospatzeko, joan den ortziraleko afarirako cateringa ekarri zuten eta ondotik Dj-a. Mozorro lehiaketa ere egin zuten, eta denak bikainak izan baziren ere, gaueko aipagarriena herriko emakume kuadrillarena izan zen.

Argazkiak eta testua: Maite Bertiz.

Aipatutako emakume kuadrilla mozorrotuta herria alaitzen ibili zen, eta ondotik afaltzera joan zen. Haiek eraman zuten merezitako sarietako bat. Larunbatean, gosaria antolatua zuten gazteek eta ondotik, etxez etxe ibili ziren.

Aste honetan, berriz, haurren txanda izanen da. Asteazkenean, haurrak, mozorrotuta, baserrietan eskean ibiliko dira gurasoekin batera. Ortzegunean, berriz, Ortzegun Gizen eguna izanen dute. Eskolan mozorroak antolatuko dituzte eta herrian barna eskean ibiliko dira. Eguerdian, bazkaria eginen dute eta arratsaldean, ohitura den bezala, plazan jokoak eta merienda izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun