Emaitza gazi-gozoak utzi ditu Iruritako IV. Mendi Duatloiak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 2a, 15:30

Partaide guziek lasterketa akitu baino lehen bukatutzat eman behar izan zuten proba, istripu baten ondorioz

Argazkiak: Maite Uriarte

Eguraldia lagun ez bazuten ere, jendetza bildu zen atzo goizean Iruritako IV. Mendi Duatloian. 10:00etan hasi zen proba eta guztira 140 kirolarik parte hartu zuten, bizikletan zein lasterka; 60 bikote eta 20 lagun banakako kategorian.

Euriak eta hotzak lasterketa zaildu bazuten ere, probaren lehenbiziko zatia arazorik gabe iragan zen. Bigarrenean, berriz, txirrindulari batek istripua izan zuen eta anbulantzian eraman behar izan zuten. Anbulantziarik gabe gelditu zirenez, araudiari segituz, akitutzat eman zuten proba. Beraz, klasifikazioan lasterketa burutu zuten partaideak bakarrik saritu zituzten; zortzi bikote eta banaka aritu ziren hiru kirolari. Banatu ez zituzten gainerako sariak partaideen artean zozketatu zituzten.

Bikotekako kategorian, Koldo Herrera Urroz sunbildarra eta Dani Iparragirre Iturria aranztarra izan ziren txapeldunak, 01.37.11 denborarekin. Bigarren postua Unai Barazabal Erasun azpilkuetarrak eta Hodei Aleman Azkarraga iruritarrak lortu zuten, 01.38.11 markarekin. Julen Oskoz Elizondo aranztarrak eta Mikel Merino Olague iraizoztarrak osatu zuten podiuma 01.39.24 denborarekin.

Bakarkako kategorian, berriz, Amasako Eneko Gurrutxaga Ugartek lortu zuen txapela 01.48.41 denborarekin. Gamarrako Hugo Matias Teixeira gelditu zen bigarren postuan, 01.49.32 denborarekin, eta hogei segundo beranduago ailegatu zen Igor Agesta Agirre doneztebarra, 01.49.52 denborarekin. Sailkapeneko emaitza guztiak eskuragarri daude kirolprobak.com webgunean.

Antolakuntza taldeak eguneko balorazio ona egin du: «eguraldi txarra izan arren jende aunitzek parte hartu zuen, eta orokorrean jendea pozik gelditu zen. Proba erdizka gelditu zen baina aunitzek akitu ahal izan zuten, eta akitu ez zutenek, guttiren faltan. Hala ere, horrelako istripu bat gertatzen denean hori guztia bigarren mailan gelditzen da. Txirrindularia lehenbailehen osatzea espero dugu, hori da lehentasuna orain».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun