Xaloa Telebistako langileak Nafarroako Parlamentuan izan ziren martxoaren 2an.
Kultur Elkartearen eta langileen ordezkariak alderdi politiko guzietako ordezkariekin bildu ziren
Nafarroa | 2012-03-05 | 08:20 | Testua: TTIPI TTAPA | Argazkia: Utzitako argazkia
Martxoaren 2an, ortziral goizean Xaloa telebista Nafarroako Parlamentuan izan zen. Xabier Torresek langileen izenean eta Ioseba Igarabide kultur elkarteren izenean bi idatzi irakurri zituzten, Xaloa Telebistaren egoera eta TDT lizentziaren beharra agertuz. Bertan zeuden alderdi politiko guzietako ordezkariak oniritzia eman, eta ahal den guzia egiteko prest agertu ziren.
Xabi Torresek, Telebistako sei langileen izenean aipatu zuenez, «ez gatoz zuengana diru bila, lizentzia emanen digun erabaki politiko baten bila baizik, erabaki administratibo bat eskatzen dizuegu, garai hauetan lanpostu hauek mantendu ahal izateko, edo gehiago sortu ahal izateko». Izan ere, 15 urtetan eta bereziki TDTa sartu zenetik, egoera alegal batean ari dira eta oraindik ez zaio konponbiderik eman. «Egoera honen mantentzeak gero eta arazo gehiago sortzen ari dizkigu, eta oraintxe bertan lan erregulazio batean gaude, lansari erdiarekin. Izan ere, ezin daiteke betirako iraun burua uretan murgilduta; TDTan emititzeko lizentziarik ez edukitzeak, kanal analojiko zaharkituak erabiltzera kondenatzen gaitu eta enpresa gisa garatzea ez gaitu uzten» aipatu zuen Torresek.
Joseba Igarabidek, Xaloa Kultur Elkartearen izenean ere, lizentziak banatzerako orduan gure eskualdea mapatik kanpo gelditu zela aipatu zuen eta egoera honek galera ekonomiko handiak eragin dizkie. Horretaz, Xaloa Kultur Elkartearentzat lehentasun osoa du TDT lizentzi bat eskuratzeak, «proiektuak segitu ahal izateko, lanpostuak mantentzeko eta eskualdeko informazio zerbitzua eskaintzeko».
TTIPI-TTAPA | Koskontako bidea, 07 - 1 | 31770 LESAKA (Nafarroa)
Tel: 948 63 54 58 | Faxa: 948 63 54 57
Diseinua: Ttipi-Ttapa | Garapena: iametza interaktiboa